XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta nola izaten diren gauzak! Ia denbora beretsuan baziren Frantzian beste jaun batzuk beste muturretik zebiltzanak.

Hermes razionalismora bezala, Bautain eta Bonnety fideismora lerratzen ziren.

Hauen ustetan, arrazoiak ez luke bat ere gaitasunik eta ez egitekorik fedearen auzi honetan.

Arrazoiak nora eraman duen Europa frogatu ondoan Frantziako Iraultza lekuko, jaun horiek uste dute ez dugula hortik deus espero behar.

Beraz, barneko esperientzia bat izango litzateke, azken batean, erizpide bakarra.

Baina hori ere ez izan hala.

Giza arrazoiak, federako bidea prestatzerakoan, badezake zerbait, eta bai zerbait baino gehiago ere.

Horregatik eritzi hauek ere Eliz Irakasgoak arbuiatu egin zituen.

Azpimarratzekoa da nola, ia denbora berean, mutur bateko eta besteko aburu okerrak baztertu zituen Eliz Irakasgoak: gehiegizko razionalismoa alde batetik, eta arrazoiaren desbaloratzea, bestetik.

Izan ere fedean arrazoiak badu bere egitekoa, nahiz eta besterik ere baden.

Unamuno ere sarri mintzo da buruaren eta bihotzaren arteko ezin konponduaz: buruak, alegia, fedeak dioena ezinezkotzat joko luke; baina gizonagan ba omen da beste indar bat, hori onartzera eramaten gaituena.

Locke, Hume, Kant eta bestek zabaldutako pentsakeraren ondorio dira joera hauek.

Kristau fedeak, ordea, ezin onart dezake agnostizismo hori.

Bai bihotzaren eta bai arrazoiaren eskubideak ere errespetatzen eta aintzat hartzen ditu fedeak neurri batean behintzat.

Eliz Irakasgoaren agiriak Fedezko egia bat erabakitzen duen bakoitzean, fedeaz zer-ikusi duen zerbait erabakitzen du Elizak.

Baina fedeari berari artez dagozkionak gogoratu nahi ditugu guk hemen.

Mugarri antzo dira agiri horiek, eta Teologiak, bere azterketa egiterakoan, kontutan hartu behar ditu.

VI. mendean dugu Orangeko II. Kontzilioa, Erdi-Pelagiotarren aburuen kontra erabakia hartu zuena.

XVI. mendean hor dugu Trentoko Kontzilioa bere seigarren bilkuran (sessio VI).

Gizonaren zintzokuntza edo justifikazioa nola gertatzen den eta horretan fedeak zer parte duen irakasten da bertan, Luterok zioena mugatuz, osatuz eta zenbait puntutan arbuiatuz.

XIX. mendean hor da Batikano Lehena ere, fedeari buruz Konstituzio oso bat eman zuena (Dei Filius).

XX. mende hasieran, Modernismoaren ideologia azaldu zenean, Elizak zenbait agiri eta erabaki eman zituen, fedearen auzirako axola handiko direnak: Pascendi Entziklika, Lamentabili Dekretua, Modernismoaren aurkako zina, etab.